· Hasiera ·


· Kontaktu ·

[KOKAGUNEA]
Kokagunea
[HISTORIA]
Historia
[ONDAREA]
Ondarea
[DONE JAKUEREN BIDEA]
Done Jakueren bidea
[INGURUNEA]
Ingurunea
[ZERBITZUEN GIDA]
Zerbitzuen gida
 · HISTORIA



Duen kokapen estrategikoari esker (Pirinioen erdi-erdian), funtsezko gune bilakatu zen Orreaga hasiera-hasieratik, Pirinioetako mendikatea zeharkatu nahi zuten bidaiarientzat nahiz soldaduentzat. Hala, mota guztietako jendearen elkargune izanik, hainbat kulturek bat egiten zuten bertan. Dena den, batik bat igarobidea izan zenez, gehienetan ez da adierazgarria izan joan?etorrian jendeak herrietan utzitako kultura ondarea.









Orreaga inguruko lurrak betidanik komunikazio bide garrantzitsu izan badira ere, bereziki famatu egin ziren Karlomagnok Espainian egindako kanpainan. Atzeranzko bidean, Zaragozako bataila galdu ostean, Errolan heroia eta frankoen ejertzitoaren atzeguardia garaitu egin zituzten Luzaideko sakan barrenean.









Jakin badakigu IX. mende hasieran hasi zirela Done Jakue gurtzen eta gorpuzkiak jauresten; ez dakigu, ordea, noiz hasi ziren erromesaldiak. Nolanahi ere, X. mende hasiera arte, alegia, kristau monarkia sendotu zen arte, ez zen erromesaldia nahikoa seguru bihurtu.









1127. urtean, Iruñeko apezpikuak, Antso Larrosako prelatuak, Orreagako inguruetan klerikoz eta laikoz osatutako kofradia bat sortzea erabaki zuen, erromesez arduratzeko. Zenbait gorabehera politikok hasiera batean ospitale txikia izango zena garrantzi handiko atentzio gune bihurtzearen alde egin zuten.









XIII. mendea oso garrantzitsua izan zen Nafarroarentzat, eta hazkunde eta zabalkuntza handia ekarri zizkion Orreagari. Gorantz doan prozesu horren eraginez, kabildo independente eta indartsu gisa sendotu zen, eta XIV. mendean jarraituko duten jabetzak eta eliza eskubideak handitu ziren.









Hazkunde aurreko prozesuak benetako babes ekonomikoa eman zion kolejiatari, eta XIII. mendearen bukaerarako bertan 60 bat pertsona bizi zirela diote estatutuek. Orreagako egoera hain zen ona non eta Koroari dirua mailegatzeko egoeran baitzeuden. Ordutik aurrera, ondarea handitzeko joera eten egin zen, eta ordu arteko jabegoak kudeatzeari bideratu zituzten ahalegin guztiak.









Aurreko mendeko une gogorren ostean, mende bizia dator, Frantzisko Nafarroako priorearen agintepean. Prioreak Martin Azpilikuetaren -garaiko kulturaren munduko beste kide garrantzitsu baten- aholkuei jarraituz, politika mailako nahiz ospitaleko nahasteekin bukatzea erabakitzen du.









1789ko iraultzak monarkia hondatu zuen, bai eta azkeneko mendeetan Europako erregimenak oinarritzat hartutako printzipioak ere. Horren ondorioz sortu ziren gerrako jazoerei dagokienez, Orreagak eta inguruko aranek biziki pairatuko zituzten gerra ugarien gorabeherak.









XX. mendearen ezaugarria lasaitasuna izan da. Honako gertakariak errepikatu dira ehun urte hauetan: kalonjeen eta prioreen izendapenak, estatutuak berriztatzeko zenbait proiektu, irakaskuntza jarduerak, laguntza jardueraren lan urria -erromesaldia mendearen bigarren erdialdean pixkanaka berrindartzean handitu dena- eta abar. Hala ere, 1970eko hamarkadan, eta elkarte erregeladunaren beste beheraldi batekin batera, kabildoko jarduerak gobernatzen zituzten arauak biziki berriztatu ziren. Berriztatze horrekin batera, halaber, Done Jakueren bideak indarra hartu zuen berriz ere, espero ez bazen ere, eta erromeria ugaritan ikus daiteke Orreagako Ama Birjinaren gurtza.








Orreagako Kolejiata zuzendu duten priore guztien zerrenda: XII. mendeko hastapen gogorretatik hasi, loraldia eta XIX. mendeko krisialdia igaro, eta Done Jakueren Bideak gaur egun berriz ere indarra hartu duen arte.