Orreagako Santa Maria la Real.
|
Done Jakuek eragindako debozioa gorabehera, Orreagako Ama Birjinaren gurtza handia eratu da mendez mende, eta erromeria ugariren bidez adierazi da hori. Eragin horren erakusgarri gorena 1960an irudiari koroatze kanonikoa egin ziotenekoa izan zen. Aurrez baziren, Nafarroan, Andre Mariaren beste zaindaritza batzuk koroatuta, hala nola Iruñeko Santa Maria, Lizarrako Puyko Ama Birjina eta Uxueko Ama Birjina.
Uxueko Ama Birjina Nafarroako hegoaldeko zaindaritzat daukaten gisa berean, Nafarroako Pirinioetako erregina dugu Orreagako Santa Maria, ezbairik gabe. Haren kofradia, 1985ean berriz fundatua, kide gehien dituena da Foru Erkidegoan: hiru mila kidetik gora, hain zuzen ere. Kofradiaren erromerien eragin zabala horren lekuko da.
Orreagako Ama Birjinaren eguna irailaren 8a da, Mariaren jaiotza ospatzen den eguna. Hala ere, inguruetako herri eta haran gehienak udaberrian egiten dute Pirinioetako Ama Birjinarengana doan erromeria.
Maiatzean eta ekainean, Aezkoa, Artzibar eta Erroibar haranetako bizilagunak, Luzaide, Aurizperri eta Auritz herrietakoekin, Aizko parrokiakoekin eta Iruñeko Txantreako San Jose parrokiakoekin batera, Orreagako Ama Birjinari omen egitera joaten dira. Zikloa irailean ixten da, Nafarroa Beherekoen bisitaldiarekin. Hala, bada, hau da erromerien egutegia:
| Maiatzaren 1a | Aezkoa (goizean)
Iruñeko Txantreako San Jose parrokia (arratsaldean) |
| Maiatzeko lehenengo igandea | Luzaide-Valcarlos |
| Maiatzeko bigarren igandea | Artzibar eta Oroz-Betelu (biak batera) |
| Maiatzeko hirugarren igandea | Erroibar |
| Maiatzeko laugarren igandea | Aurizberri-Espinal |
| Maiatzeko bosgarren igandea, edo ekaineko lehenenegoa | Auritz-Burguete |
| Ekaina (aldatuz doazen igandeak) | Agoizko parrokia |
| Irailaren 8aren aurretiko asteazkena | Nafarroa Beherea |
Horietan guztietan, markatuta gelditu da ospitaleak eskualde horiekin duen harreman sakonaren oroitzapena. Eskualde horiek, izan ere, Pirinioetako goialde hartatik zuzendu zituzten, zazpi mendez, hala espirituaren arloan nola ekonomiarenean.
Aezkoako erromeria
Aezkoako emakume penitentziagileak, kolejiatara iristean.
|
Orreagara joaten diren erromeria guztietatik, ikusgarriena eta koloretsuena, dudarik gabe, Aezkoakoa da. Parrokia gurutzeak buru dituztela, prozesioan joaten dira haraneko alkateak, gazteak eta haurrak, eskualdeko jantzi askotarikoez apaindurik.
Tunikadunak, debozio eta sakrifizio espiritualaren ordezkari gorenak, bi ilaretan doaz oinez, burua estalita eta nork bere gurutzea bizkarrean (gurutzea buruaren gainetik altxatuta). Haien atzetik, emakume penitentziagile oinutsak, beloaz estalita, gurutzefika eta arrosarioa daramatela.
Debozioaz gainera, Ama Birjinari egindako bisitaldiok herri jai handia dira. Kolejiataren inguruko zelai eta zuhaiztietan egiten da jaia.
Artzibarreko eta Orotz?Beteluko erromeria
Artzibarreko eta Orotz-Beteluko erromeria, 1987ko maiatzean.
|
Artzibarreko erromeria, Orotz-Betelurekin batera egiten dena, konstanteena izan da historian. Badakigu XVI. mendetik egin dela, baina lehenago ere egin bide zen.
Erromesak bi tokitatik abiatzen dira: Orotz-Betelutik goizeko seietan, eta Arrietatik zazpietan. Lehenengoan Azparrengo, Olaldeko, Gorraitz Artzibarko eta Artozkiko erromesak doaz; bestean Lusarretakoak, Saraguetakoak, Urdirotzekoak, Uritzekoak, Muniain Artzibarkoak, Arrietakoak, Hiriberrikoak, Imizkotzekoak, Espotzekoak eta Lakabekoak.
Biak iristen dira errepideen bidegurutzera eta herri bakoitza bere tradiziozko kantuak eta bere arrosarioa egiten ditu. Parrokietako gurutzeak daude martxaren bukaeran, dagokion alkatearen aurretik, eskuan aginte makila duena. Erromesak bi ilaratan doaz, gurutzea bizkarrean bermatuta, enbor laburretik eutsita, eta besoak altxatuta.
Kolejiata ikusten denean eta arrosarioa bukatzen denean, parrokia bakoitzak bere letaniak kantatzen ditu. Ora pro nobis garrasia leku berean errepikatu izan da mendeetan zehar, eta barkamen, poztasun eta laudorio aldarrikapenak eta Ama Birjinaren omenezko hitz ederrak irudikatzen ditu. Kolejiatako Kabildoak harrera egiten die erromesei, priorea izaten da burua, eta denak sartzen dira elizan meza jendetsua egiteko, aitortzeko eta opariak emateko Ama Birjinari.
Orreagako prioreak alkateen makilak jasotzen ditu Ama Birjinari emateko.
|
Mezaren ostean bazkaria dator eta salda tradizionala hartzen dute erromesen aterpetxean. Herrikoek taldeka jaten dituzte perretxikoak, amuarrainak, axuria eta mamia. Pozez eta ondo pasatzeko gogoz betetako otorduak dira, eta inguruko bizilagunek elkartasuna eta kohesioa agertzen dute.
Bazkal ostean, arratsaldean, Artzibarko eta Orotz?Beteluko salbeak kantatzen dira, eta amaiera bikaina ematen diete eguneko ospakizunei. Jaiaren ostean, erromesak etxera itzultzen dira Andre Mariaganako ilusioak indarberrituta.